Gaur Ziripot eta Miel Otxin ipuina irakurtzen hasi gara, Euskal Herriko inauterietako bi pertsonai ospetsu. Hemen duzu ipuina, espero dugu zuen gustukoa izatea, eskolan haurrak adi-adi egon baitira.
Los carnavales estan a punto de llegar, pero al igual que otros años primero aprenderemos un montón de cosas. Aprenderemos poemas, cuentos y canciones y también haremos manualidades. Hoy hemos comenzado a leer el cuento de Ziripot eta Miel Otxin, dos personajes típicos de los carnavales en Euskal Herria. Aquí teneis el cuento, espero que sea de vuestro agrado, ya que los niños han estado muy atentos en el aula.
Behin batean, orain dela urte asko eta asko, Ziripot izeneko gizon bat bizi zen Lantzeko herrian. Gizon potolo -potoloa zen Ziripot. Ia ezin zuen ibili ere egin, hortik atera kontuak zein gizena eta makala zen.
Baina gizon patxadatsua eta alaia zen Ziripot, eta denek maite zuten herrian.
Hain gizena eta baldarra zenez, ez zen lanerako gauza. Baina gauza bat egiten zuen ondo Ziripotek: ipuinak kontatu.
Ipuinen truke, herritarrek jatekoa eta edatekoa ematen zizkioten Ziripoti.
-Tori, Ziripot, gaur gazta puska bat eta ogia ekarri dizkizut -esaten zion batek.
-Eta nik ardo pitxer bat -beste batek.
Beste batek haragi egosi pixka bat ekarriko zion, eta hurrengoak katilukada bat salda bero. Eta orduan, Ziripotek ipuin polit bat kontatzen zien esker onez.
Bake ederrean eta pozik bizi ziren denak Lantzeko herrian.
Baina, egun batean, Miel Otxin izeneko erraldoi bat azaldu zen, eta harekin Zaldiko etorri zen, erdi gizon erdi zaldi zen izaki bat.
Zakarra eta gaiztoa zen Miel Otxin, eta deabrua bera bezain bihurria Zaldiko.
Etorri orduko, herritar guztiak bildu zituzten herriko plazan eta hala esan zien Miel Otxinek trumoia bezalako ahots beldurgarriaz:
-Hernendik aurrera guk agintzen dugu herri honetan. Eta entzun ongi guztiok! Zuetako bakoitzak zerbait ekarri beharko digu etxetik egunero-egunero, bestelaaa…! -egin zien mehatxu Miel Otxinek.
Jendea marmarka hasi zen protesta eginez, baina Miel Otxinek isilarazi egin zituen berehala.
-Ixo! Demonio kaikuak! Eta hobe duzue gure aginduak betetzea -esan zuen garrasika Miel Otxinek.
Jende guztia beldurturik zegoen eta Miel Otxinek agindutakoa betetzen hasi ziren guztiak. Miel Otxin eta Zaldiko plazaren erdian jartzen ziren egunero eta herriko jendeak zerbait eramaten zien etxetik.
Ziripot zen ezer eramaten ez zien bakarra, gaixoak ez baitzuen zer eramanik.
Behin hala esan zion Miel Otxinek Ziripoti, petral-petral eginda:
-Aizu, potólo, zatoz hona!
Ziripot gizarajoa makal-makal hurbildu zen.
-Zuk zergatik ez diguzu ezer ekartzen, e? -galdetu zion zakar-zakar Miel Otxinek.
-Ezer ez duenak ezin ezer eman -erantzun zion Ziripotek.
-Aizu, tontolo-potolo, gurekin txantxa gutxi gero! -egin zion garrasi Miel Otxinek.
Zaldiko ere haserre zegoen eta Ziripotengana joanez, ostiko bat eman zion bere zaldi hanka haiekin.
-Tori! Guri adarra jo nahi izateagatik!
Ziripot gaixoa lurrera erori zen. Altxatzen saiatu zen, baina alferrik, baldarregia zen bere gorputz potólo hura mugitzeko.
Bitartean, Miel Otxinek eta Zaldikok barre egiten zioten Ziripot gizarajoari.
-Altxa zaitez lurretik, potolo-kokolo! -esaten zioten burlaka.
Gaua etorri zen eta denak etxera bildu ziren. Miel Otxin eta Zaldiko ere lotara Joan ziren. Herria hutsik zegoen. Ziripot gaixoa bakarrik geratu zen herriko plazan, lurretik altxa ezinik. Inork laguntzen ez bazion, han igaro beharko zuen gau osoa.
Baina gauerdian, herriko jendea agertzen hasi zen isil-isilik. Zazpi gizonen artean zutik jarri zuten Ziripot.
-Ez dago eskubiderik. Honek ezin du horrela segi -kexatu zen emakume bat.
-Baina zer egin dezakegu guk? Oso ahulak gara Miel Otxin erraldoiari eta Zaldikori aurre egiteko -esan zuen gizon batek.
Denak isilik geratu ziren. Orduan Ziripotek hitz egin zuen.
-Erleak ere oso txikiak eta ahulak dira banan-banan hartuz gero. Baina erlauntzako erle guztiek eraso eginez gero, nor ez da izutzen?
Berehala ulertu zuten herrikoek Ziripotek adierazi nahi izan ziena. Beraiek ere erleak bezain ahulak ziren banan–banan hartuz gero. Baina denak elkartzen baziren, erraz menperatuko zituzten Miel Otxin eta Zaldiko.
Etxera joan eta igitaiak, aitzurrak eta sardeak hartu zituzten. Eta gero Miel Otxin eta Zaldikoren bila joan ziren denak batera.
Zaldikok, ordea, ihes egin zuen, zaldi hankekin erraz egiten baita korrika. Baina Miel Otxin erraldoia harrapatu egin zuten.
Herritarrek damutzeko eta barkamena eskatzeko esan zioten Miel Otxini. Baina Miel Otxinek harro-harro erantzun zien:
-Ni damutzeko eta zuei barkamena eskatzeko? Ez horixe! Kakanarru halakoak! Ikusiko duzue, ikusiko duzue… -egin zien amenazu.
Orduan, epaiketa egin zioten Miel Otxini herriko plazan, eta denek aho batez erabaki zuten erraldoia sutan erre behar zela. Eta halaxe egin zuten.
Dena pasatu zenean, lasaitasuna itzuli zen berriro ere herrira. Ziripotek kontu zaharrak eta ipuinak kontatzen jarraitu zuen, eta berriro pozik eta zoriontsu bizi izan ziren Lantzeko herrian.
Ziripot, Ziripot, Ziripot maitagarria, kontalari, kontalari, kontalari miresgarria.
Galdu duenak, galdu duenak
ipuinaren haría,
asma dezala, asma dezala
beste bat berria
ONGI PASA INAUTERIAK!!