Helikopteroa ikastolan ipuina



Bazen herri bat auzo bat baino handiagoa eta hiri bat baino txikiagoa. Hondarralde zuen izena. Beste leku guztietan bezala, herri hartan ere, amaitu ziren udako oporrak eta heldu zen haurrak ikastolara joateko eguna.
Haurrik gehienek nahiago zuten ikastolara joan egun osoan etxean telebista ikusten egon baino. Ikastolan hasi aurreko egunean beste egunetan baino garaizago joan ziren ohera Hondarraldeko haurrak.



Hurrengo goizean, batzuk autobusean joanda, besteak kotxean, eta besteak oinez, batzuk gurasoekin eta besteak bakarrik, ikastolako patioan elkartu ziren goizeko bederatzietan. Andereñoak eta irakasleek musuka, irribarrez eta besarkadaka hartu zituzten ikasleak.
- Egun on! Zer moduz oporrak? Zenbat hazi zareten!- esaten zien andereño Kaxildak.
- Andereño, andereño, zer hots da hori?- galdetu zuen neskatila batek.
- Ba, ikasturtea hasteko sorpresatxo bat prestatu dugu zuentzat. Begira, begira han gora! -esan zien andereño Kaxildak.



Eta orduan, "ta, ta, ta..." helikoptero bat azaldu zen laino artetik, han, inguruko etxeen gainean.
- Ikastolako zuzendaria da. Helikopteroan dator oporretatik. Ez al da sorpresa polita? -jarraitu zuen esaten andereñoak.
- Kontuz, baztertu denok, patioan hartuko du lurra eta, helikopteroak -esaten zien behin eta berriro Pernando irakasle bizardunak ikasleei.



Egia zen. Han zetorren Romualdo zuzendaria helikopteroan. Oporretan zegoen lekuan, zozketa batean tokatu omen zitzaion ibilgailu hegalari hura. Nola gidatzen zen erakutsi ziotenean, pentsatu omen zuen bere artean: "Nire ikastolako haurrei inoiz izan duten sorpresarik handiena eman behar diet".
Eta hantze zeuden oran ikastolako haur guztiak gora begira begiak eta ahoak zabal-zabal eginda.
Baina, dirudienez, Romualdo urduri samar jarri zen lurra hartzeko garaian. Helikopteroa saltoka, biraka eta puzkerka hasi zen.



Irakasle bizarduna patioaren erdian jarri zen helikopteroari begira, mukizapi bat astinduz.
Hemen, Romualdo, hemeeen... Patioaren erdian...Ez al nauzu ikusten, ala?
Baina alferrikakoak izan ziren hango buila eta mukizapiak. Zarata handi eta luze bat entzun zuten denek eta ikastolako teilatua txiki-txiki eginda geratu zen. Hantxe lur hartu baitzuen Romualdoren helikopteroak. Ez dago esaterik nolako iskanbila sortu zen orduan ikastolako patioan.
- Azkar! Deitu anbulantziaru!
- Romualdo! Romualdooo...Ongi al zaude?



Etorri ziren suhiltzaileak grua handi batekin, etorri zen anbulantzia oihuka eta dizdizka, eta klinikara eraman zuten Romualdo gizajoa. Bi hankak hautsita eta buruan izugarrizko kolpeak zeuzkan. Helikopteroa patioan utzi zuten. Hark ere hankak hautsita zeuzkan eta muturra zanpatuta.



Aste bete osoa beharko omen zuten igeltseroek Hondarraldeko ikastola konpontzen. Baina herri hartako haurrek ikastolara joan nahi zuten. Zer egin? Ideia on bat bururatu zitzaien orduan Pernandori eta Kaxildari:
- Ttonttorpeko ikastolara joango gara egunero autobusea. Horrela, lagun berriak egingo ditugu. Gu mintzatuko gara hango irakasleekin eta ez da arazorik egongo.
Eta halaxe egin zuten. Ttonttorpe Hondarraldetik oso hurbil dago. Aste osoan zehar, Hondarraldeko ikastolako haurrak Ttonttorpeko ikastolara joan ziren autobusean beren irakasleekin. Bazkaldu ere ikastolako jangelan egiten zuten.



Bi herrietako haurrek elkarrekin egiten zituzten marrazkiak, elkarrekin ikasten zituzten hizkuntza, matematika eta plastika, eta elkarrekin jolas egiten zuten.
Baina azkar iragan zen aste hura, eta ostiral arratsaldean izugarrizko festa antolatu zuten Ttonttorpeko ikastolako patioan, joko eta lehiaketekin.



Penaz agurtu zuten elkar Hondarralde eta Ttonttorpeko haurrek. Oso ongi pasatu baitzuten aste elkarrekin, eta azkenerako lagun handiak egin ziren.
- Agur, berriro ere etorri!
- Zuek ere azaldu helikopteroa ikustera!
- Zuen marrazkiak bidali. Eta eskutitzak ere bai.
- Nafarroa Oinezen elkar ikusiko dugu.



Orain Hondarraldeko ikastola konponduta dago, eta oso gustura joaten dira haurrak egunero ikasi eta jolas egitera. Helikopteroa oraindik patioan dago.
Romualdo sendatzen denean, helikopteroa konpondu eta airez joango omen dira Hondarraldeko haurrak Ttonttorpekoak bisitatzera. Eta bitartean, marrazkiak eta eskutitzak bidaliko dizkiote elkarri.

Eta Hondarraldeko haurrak joan baziren Ttonttorpera,
zuek ere joan zaitezten zeuen aldameneko herrira.